XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KOMUNIKABIDEAK

Rock jaialdia antolatu du Irulegi Irratiak otsailak hamabosterako

X.C. Iruñea

Rock kontzertua antolatu du Irulegi Irratiak otsailak hamabosterako.

Lapurdiko Eten Gabe taldea, Beltzez, Exkixu eta Xitoak arituko dira jotzen.

Jaialdia Irratiak bete berri duen hamabosgarren urtea ospatzeko antolatu da.

Joan den asteburuan ere kantaldia egin zuten Canta o Populu Corsu korsikarrekin, besteak beste.

Gaua, Pantxika Maitia Irratiko langileak esan bezala, biziki beroa izan zen, eta 1.200 bat bisitari izan genuen.

Hastapenak

Irulegi Irratia 1982an sortu zen, Irulegi herrian berean, Menta izeneko etxe batean, bultzatzaileak Jojo Bidart eta Argitxu Kantero izan zirelarik.

Tarteka hasi ziren emititzen, baigorri eta ortzaizeko laguntzaile batzuei esker.

Hasiera hasieratik euskara hutsez emititzen hasi ziren.

Lehen urteetatik bereganatu zituen entzuleak, Nafarroa Beherean eta, egun, hagitz zabaldua da; 20.000 bat entzule ditu.

Kostaldean ere lortu ditu entzuleak.

Iparraldean euskara hutsean lan egiten duten beste bi irratiekin, Xiberoko Botza eta Gure Irratiarekin batera zenbait saio elkarrekin egiten ditu, bide hori gehiago jorratzea dute xede, biztanle guztiengana iristea.

Horretarako, argi dute, kalitate handiko irratsaioak egitea dela bide bakarra, profesionaltasunez lan egitea alegia.

Hegoaldeko Xorroxin, Egin eta Euskalerria irratiekin ere badute harremana.

Eguneroko berri emankizunetan parte hartzen dute.

Iparraldeko euskarazko hiru irratien artean batzarra egin dute eta Garapen Kontseiluari eskabide komun zenbait galdegin dizkiote.

Instalazio tekniko hobez hornitu nahi dute, horrela egunero zazpi ordu egiteko elkarrekin.

Prestakuntzari ere begiratzen diote.

Irrati hauetan lan egiten dutenentzat nahiz kanpotik kolaboratzen dutenentzat ikastaroak antolatu nahi dituzte, lantaldeak sortu eta hiru irratiak egitura informatikoz hornitu.

Horiek dira beren erronka nagusiak.

Apika, hiru irratiek egitura bakar bat ere eratu beharko luketela pentsatzen hasiak dira.

Siadecok iragan urtean egin azterketa soziologikoen arabera iparraldean euskara ulertzen duten 76.000 lagunetatik %60k entzuten du euskarazko hiru irratietako bat.

Irulegi Irratiak urtero antolatzen ohi du dirua biltzeko ekitaldiren bat, eta aurten, 15. urtearekin batera, zenbait antolatu ditu.

Rock kontzertua otsailak 15ean da, eta otsailak 23an, herri bazkaria Irulegiko Oiartzun elkartean.